Traducción: Pirámides de población de los ámbitos territoriales de la CAV (2023)
EAEko lurralde-eremuen biztanleria-piramideak (2023)
Lanabesak: ggplot2
Aurreko azaroan Jorge Camões diseinu batetik abitatuta EAEren biztanleriaren bilakaera jasotzen duen biztanleria-piramidea paratu nuen.
Oinarrizko diseinu horretatik abiatuta EAEko lurralde-eremu guztietako (erkidegoa bera, lurraldeak, eskualdeak eta udalerriak) piramideak prestatu ditut oraingoan.
Eremu jakin bateko piramidea nahi duzu? Eskatu besterik ez duzu
Eustatek EAEko udalerri guztien datuak eskaintzen ditu. Datuak edukita, guztien piramideak sortu ditut, PDF formatuan (A4 tamainan) eta PNG formatuan (hatzbeteko 300 puntuko erresoluzioa). Github-eko nire profilera gutxi batzuk igo ditut eredu gisa, baina ez ditut denak igo guztira mega dexente hartzen dituzte-eta.
Kodea txukundu eta githubera igo bitartean, EAEko edozein eremuko piramidea nahiko bazenu eskatu besterik ez duzu, Twitteren edo Mastodonen topatuko nauzu.
Eguneraketa: piramide guztiak biltzen dituen PDF dokumentua topatuko duzu esteka honetan.
Grafikoak nola irakurri
Piramideak 2023 urteko datuak barra bidez eta kolore iluneko marra bidez irudikatzen ditu.
Beste marrek aurreko aldietako datuak irudikatzen dituzte. Zenbat eta datu zaharragoak, orduan eta transparentzia maila handiagoa dute. Donostiako piramidean biztanleria zahartzen ari dela ikus dezakegu. Marrek adinean gora egiten dute, eta adin-tarte jakin bati erreparatuta (30-35 esaterako) 2023an adin tarte horretan aurreko urteetan baino biztanle gutxiago dagoela ikus dezakegu; aldiz, 60-80 tarteari erreparatuta marra “zaharrak” barraren barruan gelditzen dira, alegia, 2023an biztanle gehiago zegoen adin-tarte horretan aurreko aldietan baino.
Irudi ahalik eta informatiboenak osatzeko asmoz, elementu batzuk gehitu dizkiot azaroko diseinuari:
- Erdiko zutabean adinaren araberako emakumezkoen eta gizonezkoen proportzioa jasotzen duen pilatutako barra-grafikoa.
- Lurralde-eremuaren mapa:
- Udalerrien kasuan, lurraldearen mapan udalerria bera eta dagokion eskualdea kolorez nabarmenduta daude.
- Eskualdeen kasuan, EAEren mapan eskualdea bera eta dagokion lurraldea kolorez nabarmenduta daude.
- Lurraldeen kasuan, EAEren mapan lurraldea kolorez nabarmenduta ageri da.
- Eskubiko aldean dauden pilatutako barra-grafikoek eremuko biztanle kopuruak goiko bi eremu-mailetako biztanleria osoaren proportzioa erakusten dute.
- Marra-grafikoak eremuaren biztanleria osoaren bilakaera erakusten du, Eustateko aldien arabera. Datu sortako gehienezko eta gutxienezko balioak triangelu bidez adierazita daude.
Biztanle gutxiko udalerriak
Aurreko aldietako datuak marra bidez irudikatuta denboran zehar izandako bilakaera azaleratzen da… biztanle-kopuru handia duten eremuetan. Zoritxarrez, zenbat eta biztanle gutxiago izan orduan eta zailagoa da datuetan patroi argi bat topatzea.
5000 biztanle baino gutxiagoko eremuetarako, biztanleen adina urtetik urtera eman beharrean bost urteko klasetan pilatu dut.
Adina klasifikatuta ere, zenbat eta biztanle gutxiago, orduan eta zailagoa egiten da patroi garbiak topatzea.
Hainbat teknizismo
Lurralde-eremuen izenez
Eustateko biztanleria datuak lurralde-eremuka antolatuta daude. Zoritxarrez, maila desberdineko eremuak aldagai bakar batean bateratuta agertzen dira. Udalerri bakoitza zein eskualdetan eta lurraldetan dagoen jasotzen duen datutegia Eustateko beste fitxategi batean dago bilduta.
Kontuz! Biztanleria datuak euskaraz kontsultatzen badituzu, lurralde eremuak elebitan agertuko zaizkizu, baina gaztelerazko tildeak eta enparauak desagertuta (kontsulta gazteleraz eginda forma zuzena izango dute gaztelerazko izenek). Hortaz, udalerri bakoitzaren datuak lurralde-eremuen datuekin osatzeko biztanleria datuak gazteleraz eskuratu behar dira.
Bestalde, mapetako izenak ez datoz bat Eustatekoekin; mapetan elebitara dauden izenek " / " egitura erabiltzen dute bi hizkuntzak banatzeko, eta “/” (hutsunerik gabe) Eustateko datuetan. Zeure kasa antzeko lanen bat egin nahiko bazenu kontuan izan beharko duzu!
Armarriez
2500 biztanle baino gehiagoko udalerri eta lurraldeetako armarri gehienak Wikipedian eskuratu ditut. Gutxi batzuk zuzenean udalerriaren webgunetik jaso behar izan dut.
Ez naiz heraldikan aditua, baina ziur naiz armarri bat baino gehiago ez dela zuzena izango. Akatsen bat topatuko bazenu eskertuko nizuke armarri zuzena helaraziko bazenit (Twitter edo Mastodon bidez), ahal dela SVG formatuan.
Mapez
Mapak GeoEuskadiren webgunean eskuratu ditut, shapefile formatuan.
Koloreez
Piramideetan erabilitako bi koloreak azaroko jatorrizko diseinuko berak dira.
Beste grafiko eta mapetan erabiltzen diren koloreak hiru lurraldeetako aldundien webgunetako diseinuan erabiltzen dituztenak dira: morea Arabako datuentzako, gorria Bizkaikoentzako eta urdina Gipuzkoakoentzako.
Hautatutako eremuak dagokion kolore “osoa” hartzen du eta maila goragoko eta lurralde bereko eremuek (udalerrien kasuan eskualdeak, eta eskualdeen kasuan lurraldeak) kolore beraren bertsio argitua.
Kodeaz
Grafiko guztiak R erabilita sortut ditut, Tidyverse eta Ggplot2 paketeen laguntzarekin nagusiki.
Kodea txukundutakoan bi eremu edo eremu beraren bi aldi desberdin alderatzeko aukera emango duen Shiny aplikazio bat sortzea da nire asmoa, baina hori aurreragorako utziko dut.