Mapak eta koloreak

Lanabesak: Qgis

Azken egunotan kolore-eskala desegokiak erabiltzen dituzten hainbat koropleta maparekin topo egin dut, eta lerro hauen bidez arazoa zertan datza azaldu nahiko nuke.

Euskararen ulermen mailaren mapak

Erabilitako koloreak

Donostia eskala   Garabide Eskala

Euskararen ulermen mailaren mapen kasuan bi kolore-eskala ditugu, Arabakoa eta Donostiakoa. Bietan antzeko eskala erabili dute: berdea < urdina < laranja < gorria, kolore desberdinak alegia.

Grafikoko kolore-kanalera mapeatu den aldagaia, baina, kuantitatiboa da, eta ez kualitatiboa. Kasu honetan, maila desberdinak irudikatzeko kolore bakar baten asetasun mailak erabili beharko lirateke, eta ez kolore-tonu desberdinak.

Are gehiago; Arabako kasuan koloretako bakoitzak asetasun-maila bat baino gehiago du, azpimultzo gehiago erabili direlako. Alegia, tonu-eskala eta asetasun-eskala konbinatuta ageri dira.

Bestalde, gure kulturan koloreek balio semantikoa izaten dute askotan: gorriak “arriskua”, “kaltea” edo antzeko kontzeptuak irudikatzeko erabili ohi dugu; berdea aldiz, “lasaitasuna” edo gauzak ondo doazela adierazi nahi dugunean erabili dezakegu. Baina mapotan, berdea ulermen-maila baxuak irudikatzeko erabili da, eta gorria ulermen-maila altuak irudikatzeko.

Gomendioa: Kontuak kontu, gomendioa tonu bakarreko asetasun-eskala erabiltzea litzateke; edo ulermen-mailaren muturren arteko aldea nabarmentze aldera, eskala dibergentea erabiltzea. Azken aukera hau egingo bagenu, gorriak maila baxua irudikatu beharko luke, eta ez altua.

Erabilitako multzoak

Mapa hauetan bada beste arazo bat, Donostiako auzoen mapan ageriagoa dena. o-100 arteko balioak bost azpimultzotan banatu dira, eta hauetako bakoitzak eskalako 20 puntu hartzen ditu. Hori dela eta, euren artean hiru puntu eskas dituzten Igeldo eta Añorga multzo desberdinetan agertzen dira, eta ia 17 puntuko aldea duten Añorga eta Loiola-Txomiñenea aldiz multzo berean agertzen dira.

Aldagai jarraitua bost klasetan banatzean jatorrizko aldagaia sinplifikatu egin da, baina klaseak nola kalkulatu erabakitzeko irizpide desberdinak erabili ditzakegu. Eta erabilitako irizpidearen arabera, balio bakoitza multzo batean ala bestean sartuko da (eta horren arabera kolore bat ala bestea erabiliko dugu irudikatzeko). Informazio espazialarekin lan egiteko QGIS aplikazioak, esaterako, bost aukera hauek ematen ditu:

  • Tarte berdinak (adibidean erabili duten irizpidea)
  • Koantilak
  • Jenks-en haustura naturalak
  • Desbiderapen estandarra
  • “Pretty breaks” delakoa

Animazio honek aldagai bera eta klase-kopuru bera mantenduta, klaseak definitzeko irizpidea aldatuta mapako koloreak nola aldatzen diren erakusten du. Garbi dago maparen interpretazioa asko aldatu daitekeela batetik bestera.

Gomendioa: Donostiako auzoetako maparako azpimultzoak beste irizpide batekin kalkulatuko nituzke, interpretazio zuzenagoa egin ahal izateko.

Enpresen finantza-ahulezia mailaren mapa

![2017/12/17an argitaratutako txostena](images/2017-12-17 11.19.35.jpg)

Erabilitako koloreak

Kasu honetan, hainbat mapa agertzen dira. Lehenak, Euskal Herriko lurralde guztietako datuak biltzen ditu; besteek, lurraldeka. Hauek dira erabilitako kolore-eskalak:

Orkestra eskala 1     Orkestra eskala 2

Euskal Herriko mapa margotzeko kolore urdina oinarritzat hartzen duen asetasun-eskala erabili zuten, eta besteetan tonu-eskala bera.

Aurreko puntuan esan dugun moduan, aldagai kuantitatiboak irudikatzeko asetasun-eskalak erabili beharko genituzke; hortaz, lehenegoa zuzena da, eta lurraldekako mapenak aldiz, okerrak.

Azken hauek aztertuta, hontaz ohartuko gara:

  • Muturretan kolore urdina agertzen da,asetasun-eskala itxurako batean
  • Tartean, laranja < gorria < berdea tonu-eskala agertzen da. Kolore hauek semaforoetan erabiltzen diren berak dira, baina ordena aldatuta. Eta kasu honetan ere berdeak balio “txarrak” irudikatzen ditu. Hori dela eta, grafika ikusten ari den pertsonak disonantzia-kognitiboa jasan dezake.

Gomendioa: Euskal Herriko maparako erabilitako eskala bera erabilita arazoa konponduko genuke.

Argibide gehiago

Kolore-eskalen inguruko argibide gehiago: PICKING A COLOUR SCALE FOR SCIENTIFIC GRAPHICS


Post gehiago