Traducción: Una propuesta para crear mapas conceptuales en euskera
Kontzeptu-mapak euskaraz sortzeko proposamen bat
Kontzeptu-mapak zer diren
Gai baten inguruko kontzeptu nagusiak eta euren arteko harremanak modu grafikoan irudikatzeko teknika bat dira kontzeptu-mapak. Hainbat ikerketaren arabera, ikasketarako lanabes gisa beste estrategia batzuek baino eragin handiagoa dute (“Meta-Analytic Research on Concept Mapping”).
Hauek dira kontzeptu-mapa baten oinarrizko osagaiak:
- Aztergaia: kontzeptu-mapak azaldu beharreko gai nagusia. Mapa menderagaitza bihur ez dadin, aztergaia galdera zehatz moduan ematea komeni da.
- Kontzeptuak: aztergaiaren inguruko kontzeptu nagusiak. Grafikoki laukitan edo elipsetan irudikatu ohi dira. Gehienetan, izenen edo izenondoen bidez adierazten dira.
- Kontzeptuen arteko harremanak: grafikoki kontzeptuen artean geziak marraztuta irudikatzen dira eta harremana zertan datzan adierazten duen testu labur bat izaten dute. Gehienetan, harremanak aditzen edo aditzondoen bidez adierazten dira.
Hurrengo puntuan aipatuko dudan Leblebicioglu-ren artikuluan agertzen den adibide bera baliatuko dut nik ere adibide gisa hemendik aurrera. Mapa osatzeko galderarik ez darabilen arren, honakoa proposatu genezake:
Zein da atomoaren egitura?
Mapa soilagoak nahiz konplexuagoak sortu ditzakegu, gure beharren arabera. Goi mailako fisika ikasketak egiten diharduen norbaitek, esate baterako, bestelako partikulak eta maparen baitan dagozkien harremanak gehituko lizkioke eredu gisa erabili dugun mapari.
Lehen adibide hau ingelesa erabilita sortua dago, eta horixe da hain zuzen ere proposamen honen abiapuntua. Izan ere, kontzeptu-mapen indargune nagusia bi kontzeptu eta euren arteko harremana elkartuta proposizio bat sortzean datza, edo Killianen hitzetan:
Together, the concept-relationship-concept structure makes propositions. (Killian, 2019, “How to Make a Concept Map Easily – with Examples”)
concept-relationship-concept
egitura hori oso ongi egokitzen zaie SVO egitura sintatikoa duten hizkuntzei, alegia, subjektua-aditza-objektua
hurrenkera duten hizkuntzei (ingelesa kasu). Adibideko mapako proposizioak honela geldituko lirateke:
[An] Atom consists of neutrons, protons, and electrons.
Neutrons and protons exist in nucleus.
Nucleus is at the center of the atom.
Protons and electrons attract each other.
Electrons rotate around nucleus
Baina zer gertatzen da SVO hurrenkera ez duten hizkuntzekin?
Kontzeptu mapak eta SOV hurrenkera duten hizkuntzak
Aurreko puntuko adibidea bere horretan euskaratuko bagenu, honelako zerbait lortuko genuke:
Eta kontzeptua-harremana-kontzeptua
hurrenkera erabilita honako proposizioak osatuko genituzke:
Atomoa osatuta dago neutroiez, protoiez eta elektroiez
Neutroiak eta protoiak daude nukleoan
Nukleoa zentrua da atomoaren
Protoioek eta elektroiek elkar erakartzen dute
Elektroiak inguruan biraka dabiltza nukleoaren
Perpausak ulergarriak izan arren, erabat arrotzak gertatzen zaizkit (niri behintzat), euskararen berezko hurrenkera hausten dutelako.
Arazo hau, noski, ez da euskararena bakarrik. Hala ere, kontzeptu-mapen eta sintaxiaren harremanari buruzko informazioa bilatzerakoan ez dut gauza handirik topatu. Interesgarriena Leblebiciogluk 2003an turkieraren kasurako argitaraturako artikulua da: “Concept maps and language: A Turkish experience” (Int. J. Sci. Educ.. 25. 1299-1311. 10.1080/0950069032000070270).
Turkieraren kasurako, hauek dira Leblebiciogluk aipatzen dituen arazoak:
- Turkiera, euskara bezala, SOV hurrenkeradun hizkuntza da.
- Euskararen antzera, preposizioak erabili beharrean izenei eta izenondoei itsasten zaizkien posposizioak erabiltzen ditu turkierak. Ingelesezko adibidean preposizioak eta beste hainbat osagai sintaktiko kontzeptuen arteko harremana deskribatzen duten perpausetan jaso dira, eta ez kontzeptuekin batera: “consist of”, “rotate around”…
Gatozen euskaratutako adibidera. “Atomoa” kontzeptua eredu gisa hartuta, bi proposiziotan agertzen dela ikus dezakegu; batean perpauseko subjektua da, bestean ez. Hortaz, atsikitzen zaizkion deklinabide markak desberdinak dira:
Atomoa neutroiez, protoiez eta elektroiez osatuta dago
Nukleoa atomoaren zentrua da
Nola jaso bikoiztasun hau gure mapan? Orain arteko adibidean ez dut deklinabide markarik erabili; hortaz, mapa irakurtzen duen pertsonari dagokio perpausak taxuz osatzeko lana.
Leblebiciogluk kontzeptu-mapak turkieraz sortzerakoan topatutako arazoak gaindituko zituen estrategiaren bat bilatu nahi zuen, eta horretarako aldez aurretik kontzeptu-mapen ezagutzarik ez zuten ikasleak bildu eta mapa soil batzuk osatzeko eskatu zien, harremanak nola irudikatu azaldu gabe.
How would native Turkish speakers represent relationships on a concept map if they are not taught a method of writing such relationships?
Ikerketan parte hartu zuten ikasleen % 36,4ak (20 pertsona guztira) orain arte erabili dugun adibidearen bide bera jarraitu zuten naturalki, hau da, mapak sortzerakoan gramatikak eskatzen dituen osagai guztiak ez dituzten perpaus sinplifikatuak erabili zituzten.
Beste %63,6ak aldiz, bestelako estrategiak erabili zituzten:
-
- estrategia: kontzeptuen arteko harremanak lotura-marretan perpaus oso gisa eman (kontzeptuak barne). Hau izan zen estrategia nagusia (25 pertsona).
-
- estrategia: kontzeptuen arteko harremanak perpaus motzetan eman kontzeptu-maparen azpialdean.
-
- estrategia: kontzeptuen arteko harremanak ahoz azaldu.
Lehen estrategia naturalena izateaz gain, badu beste alde on bat nire ustez: informazio guztia maparen osagai grafikoetan txertatuta agertzen da; honela, maparen irakurketa erraztu egiten da.
Atomoa neutroiez, protoiez eta elektroiez osatuta dago
Neutroiak eta protoiak nukleoan daude
Nukleoa atomoaren zentrua da
Protoioek eta elektroiek elkar erakartzen dute
Elektroiak nukleoaren inguruan biraka dabiltza
Estrategia honek, baina, erredundantzia dakar berarekin batera. Kontzeptuak kontzeptu gisa irudikatuak izateaz gain, harremanetako perpausetan errepikatu egiten dira.
Proposamen berria
Proposatzen dudan estrategiak gako grafikoak erabiltzen ditu erdibideko irtenbidea bat sortzeko: kontzeptu bakoitzari kolore bereizgarri bat eman, eta gezietan harremanaren berri ematen duten perpausetan kontzeptuekiko dei grafikoa erabili (bakoitzari dagokion deklinazio-markarekin).
Leblebiciogluren lehen estrategiaren arabera osatutako mapatik abiatuta, lehen hurrats batean kontzeptu bakoitzari kolore bat eman diot, bai kontzeptuaren beraren irudian, bai harremaneko perpausean. “Neutroia”, “Protoia” eta “Elektroia” kontzeptuek harreman bera dute “Atomoa"rekiko, eta horregatik kolore bera eman diet. Era berean, harremana azaltzen duen perpausean elkartuta agertzen dira, eta ez bakoitza bere aldetik.
“Neutroia” eta “Protoia” kontzeptuek, halaber, harreman bera dute “Nukleoa” kontzeptuarekiko; jatorrizko artikuluan bi harreman gisa emanda daudenez, horrela mantendu ditut nire adibiderako ere.
Koloreak egokitu eta gero, harreman perpausetan kontzeptuak euretako bakoitzari dagokion koloreko “[ ___ ]” zeinuaz aldatu ditut (zeinu hori beste edozein izan daiteke, noski). Aldi berean, beharrezkoak diren deklinabide-markak zeinuaren ondoren agertzen dira.
Eta nahi izanez gero, osagai grafikoei pisu handiagoa eman dakieke:
Hainbat hausnarketa proposamenaren inguruan
- SVO hurrenkerako hainbat adibidetan kolorea kontzeptuen arteko bestelako harremanak adierazteko erabiltzen dute. “How to Make a Concept Map Easily – with Examples” artikuluan, esaterako, adibide hau darabil autoreak:
Nire proposamenaren arabera ezingo genuke mapa kolore berberekin euskaratu. Elementu gorriak hartzen baditugu (“substances” eta “matter” esaterako), “[ ___ ]ak [ ___ ] mota desberdinak dira” harremana sortuko genuke, eta ez genekike zein kontzepturi dagokion dei bakoitza (tira, geziaren buruari erreparatuta asma genezake, baina honek lan kognitibo handiagoa eskatuko luke).
- Aztertu beharreko balizko onura gehigarria izan dezake proposatutako teknikak: kontzeptu-mapek berezkoa duten dual coding delako teknika erabiltzeaz gain (alegia, irudiak eta testua elkarrekin paratzea), perpausa buruz osatu beharrak harremanak memorian finkoago gordetzen lagundu dezakeelakoan nago, nolabaiteko retrieval practice delako prozesua gauzatzea eskatzen baitu.
Hainbat ikerketek (Blunt eta Karpickerenak kasu) informazioa oroimenetik berreskuratzeko kontzeptu-mapak erabiltzearen onurak aztertu dituzte. Ikasketa mailaren arabera, komenigarria izan daiteke informazioa berreskuratzeko prozesuan laguntzeko aurretik prestatutako mapa bat eskaintzea ikasleari, baina kontzeptu edo harreman batzuk erakutsi gabe (berreskuratu beharrekoak, hain zuzen ere).
It seems that in order for retrieval practice to work well with students of any age, we need to make sure that students are successful. Scaffolding is a great way to help increase retrieval success. (Weinstein eta Sumeracki, 2019, Understanding how we learn, 128. or.)
Orain arteko adibidea informazioa berreskuratzeko praktikarako honela egokitu dezakegu:
Adibide hau eta nire proposamenak, alabaina, ez dute lan kognitibo berbera eskatzen, bigarrenean berreskuratu beharreko elementuak mapan bertan baitaude, eta ez ikaslearen oroimenean.
Dena dela, SVO hizkuntza batean osatutako maparen aldean nire teknikak irakurleari lan gehiaxeago eskatzen diolakoan nago, eta lan gehigarri hori ikasitakoa errazago oroitzeko onerako dela. Ikertzeko moduko gaia.
“Dual coding” eta “Retrieval practice” kontzeptuen gaineko informazio gehiago biltzeko, Weinstein eta Sumeckiren 2019ko Understanding how we learn liburua gomandatzen dut.
- Ikonoak erabiltzea: kontzeptuak eta harremanak lotzeko koloreak erabili beharrean (edo erabiltzeaz gain), sinboloak edo ikonoak erabili daitezke. Ikonoak errealitatetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta lan kognitibo txikiagoa egin beharko du mapa irakurtzen duen pertsonak.
Adibide hau ez da egokiena, ikonoak antzekoegiak direlako euren artean, eta perpausetan txertatzeko tamaina txikitzean izan zezaketen edozein ezaugarri bereizgarri galtzen dute. Dena dela, teknikaren adibide argigarria delakoan jarri dut.